D.17 Esku hartze Arkeologikoa, urratsez urrats
Punta Begoña galerien goiko lorategian egindako esku hartze arkeologikoari esker indusketa-prozesuan dagoen Kalkolitoko aztarnategi bakanetako bat dokumentatu ahal izan da, Euskal Herrian emaitza oparoenak izan dituena. Hori dela eta, azterketarako jarraitutako prozeduran derrigorrez zorroztasun handiz jardun behar da, aztarnategiak duen informazioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
Behar bezala industeko eta erregistratzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare Eraikiaren Arloko Ikerketa Taldeak garatu ohi duen indusketa-metodologia erabili da:
- Indusketa-estrategia: hedaduraz garatzen da eta, horretarako, esku hartu beharreko lurraren zati handiak irekitzen dira. Punta Begoñaren kasuan, historiaurreko aztarnategiaren lehen indusketa kanpainak 400 metro koadro inguru irekitzea ekarri zuen.
- Indusketaren prozedura: prozesuan, estratigrafia-indusketa sistema jarraitzen da, estratuak, jarri ziren alderantzizko ordenan ateratzean datzana. Indusketan, pikotxak, palak, eskuilak eta paletinak erabiltzen dira, baita aurkitutako material arkeologikoa kentzeko material espezifikoa ere (zeramika, silexa, hezurrak, etab.).
- Erregistro-sistema: bi atal ditu: 1) grafikoa, estratu bakoitzeko argazki eta marrazkien bidez, eta 2) alfanumerikoa, erregistro-fitxa estandarizatuen bidez.
- Materialen geoerreferentziazioa: indusketaren prozesuan zehar aurkikuntzen kokapen topografikoa in situ erregistratzen da GPS diferentzial baten erabilerari esker.
- Sedimentuaren tratamendua: Geruza garrantzitsuen lurra biltzen da eta flotazio-prozesua burutzen da; horren bidez, beren tamaina edo izaeragatik tokian bertan behatzeko zailak diren laginak berreskuratzen dira
Figura 1. Esku hartu den aldea
Figura 2. Tokian bertan ebidentziak geoerreferentziatzeko prozesua
Figura 3. Indusketako materiala lehengoratzea
Figura 4. Tokian bertan ateratako sedimentuaren flotazio-prozesua. (Iturria: Cristina Camarero, UPV/EHU)




