C.8 ASIATIK EKARRITAKO LEIHOAK
Erabiltzen ez zirenez eta utzita zeudenez, elementu nabarmen batzuk, hala nola, aretotik itsaso alderako leiho handiak, narriatu edo galdu egin dira. Ahalegin handiak egin ditugu jatorrizko diseinua nolakoa zen jakiteko, zer material erabili ziren eta aretoaren egungo arotz-lanaren egoeraren azalpen zehatza egiten, elementu honen beharretara ongien egokitzen den zaharberritze-proiektua planteatzeko.
Agiri historikoak eta lekukotza materialak jasotzean lortutako datuak aztertu ditugu hasteko, eta horrela jakin dugu zurezko itxitura honek 3 metro eta 60 zentimetroko inguruko garaiera zuten zazpi horma-atal zituela -muturretakoak apur bat txikiagoak ziren arren- kurbatura txiki batekin jarrita. Horma-atal hauetako bakoitzak goiko atal finko bat zuen eta jada desagertuta dagoen behekoa ere bai, eta hor orri finkoa eta kulunkaria txandakatzen ziren. Arotz-lana egitura oso estilizatu batean oinarritzen zen; hormigoi armatuz egindako egitura zen eta zur berarekin estalita zegoen, kanpoko aldera irudi homogeneoa izateko.
Eraikitzean erabilitako materialek argi uzten dute jabearen asmoa gune aparta eratzea zela. Horretarako kalitaterik handieneko zurak eta beirak erabili zituen. Zurari dagokionez, Asiako teka erabili zen (Tectona Grandis), oso iraupen handikoa eta egonkorra delako. Hori dela eta, ehun urte geroago ere ez du intsektuen edo onddoen arrastorik eta deformazio nabarmenik ere ez. Bestalde, beirak lauak dira orri kulunkarietan eta aurpegi bat inprimatutako lauak finkoetan. Kaltzio silikato sodikozko beirak dira bi motak, eta gaur egun erabiltzen diren beiren antzeko konposizioa dute. In situ egindako lanari eta laborategietako saioetan lortutako emaitzei esker, konpondu beharreko piezak identifikatu ditugu, berregin beharrekoak eta berrien diseinua ere bai, hau bezalako ondare batean eskatzen den zorroztasun eta koherentzia historikoen irizpideen arabera leheneratzeko.
Proiektua idatzi duena: Landa-Ochandiano arquitectos
Aretoko leihoen xehetasuna, 1978-1979. Iturria: Guido Klein-Weissek lagatakoa
Aretoaren banaketa-planoa eta sabai dekoratiboen eta leihoen xehetasunak, Ricardo Bastidak egina, 1919. Iturria: Bilboko Udal Artxiboa
Aretoko arotz-lanen mihiztatzearen eta eultzitzearen planoa, Ricardo Bastidak egina, d/g. Iturria: Bilboko Udal Artxiboa



