C.1 Garai baten sinboloa
XX. mende gorabeheratsuko lehenengo urteetan sortu ziren Punta Begoña Galeriak, paisaia eta gizartea etengabe eta bizkor eraldatzen ari zirenean; Horacio Echevarrietaren (1870-1963) ametsa izan zen galeria hauek egitea eta Bizkaiarentzat industrializazio bortitzak izan zuen esanahiaren paradigma dira.
Izan ere, eraikin bitxi hau labar baten aurrealdeko babes-horma bat baino gehiago, pertsonaia baten ikuspegiaren eta ausardiaren isla da. Bere negozioek muga guztiak gainditu zituzten eta proiekturik ikonikoenetako batzuen eta egungo enpresarik eragingarrienetako batzuen hazi izan ziren negozio horiek.
- 1918an eratu zuen Saltos del Duero, egungo Iberdrolaren sorburua eta penintsula iparraldeko proiektu hidroelektriko handiaren erantzulea;
- Juan Sebastián Elcano itsasontzi-eskola sinbolikoa eraiki zuen armadarentzat edo E-1 urpekaria egin zuen Cádizen zituen ontzioletan, punta-puntako teknologiarekin;
- 1927an Iberia sortu zuen, estatuko aire-konpainia nagusia;
- Madrilgo Gran Vía urbanizatu zuen edo Bartzelonako metroaren 2. linea egin Portland Iberia bere zementu lantegiari esker, estatuko garrantzitsuenetakoa;
- 1916an Niagarako ur-jauzietako aireko transbordadorea egin zuen “The Niagara Spanish Aerocar Co.Limited” enpresaren bidez.
Era berean, garai hartako zedarri historiko batzuen erantzulea izan zen:
- Gorteetan koalizio errepublikar-sozialistaren ordezkaria izan zen Bilbotik (1914-1917);
- Abd-el-Krim Rifeko buruarekin negoziatu zuen Afrikako gerrako espainiar presoak aske uzteko;
- “El Liberal” egunkaria sortu zuen;
- Gerra arteko aldian Alemania berrarmatzeko azpilanak egin zituen alemaniar itsas armadako kide zen Wilhelm Canaris adiskide eta bazkidearekin.
Hauen guztien eta beste askoren atzean nazioarteko erreferente bihurtzea nahi zuen enpresariaren izena dago. Ez da harritzekoa, beraz, eraikin berritzaile bat sustatzea, garai hartako abangoardia teknologikoaren araberakoa, bere gozamenerako.
Garai hartan Bilboko Udaleko eraikin zibiletako arkitekto burua zen Ricardo Bastida gidari zela eraiki zen eraikin enblematikoa: paisaiaz gozatzeko gunea, Ibaizabal itsasadarraren ezkerraldean zituen lurretan egiten zen meatzaritzako jarduera handia menderatzeko, nazioarteko merkatuetara abiatzen ziren bere itsasontzien joan-etorria kontrolatzeko eta burgesia berri horren zaratari begira egoteko, pixkanaka itsasoari lotutako aisiaren europar erreferente bihurtzen ari baitzen Getxo.
Baina Punta Begoña Galeriak aparteko begiratokiak baino askoz gehiago dira, bizkaitar kostaldeko gune estrategikoan dauden erakusleiho bikainak dira, ikusteko eta ikusia izateko tokia, Bilboko metropoliko merkataritza-irteeren atean bertan.
Aretoa eta ipar-mendebaldeko galeria eraikitzeko prozesuaren argazkia, 1919-1921. Iturria: Bilboko Udal Artxiboa
Punta Begoña Galeriak, Echevarrieta familiaren etxea eta Titán garabia, Algortako kontrakaiatik, d/g. Iturria: San Nikolas Liburutegia
Ezkerrean: Horacio Echevarrieta (ezkerretik hirugarrena) kontzertu ekonomikoaren alde egindako lanagatik plaka bat jasotzen euskal diputatuen eskutik. Gernikako Juntetxea, 1925. Iturria: EuskoMedia.org. Eskuinean: Ricardo Bastida (eskuinetik lehena) Banco de Bilbaoren egoitzako lehenengo harri-jartzea sinatzen Madrilen, 1920. Iturria: Eloisa Larreak lagatakoa



