C.15 Memoria galduko bagenu, nortasuna galduko genuke

Carlos Castilla del Pino psikiatra eta saikeragileak, hausnarketa hau egin zuen: “Pertsonak gara, biografia bat baitugu, historia bat. Baina gure historia gure memoria da. Pertsona berezituak gara, geure memoria dugulako. Alzheimerra duen pazienteak memoria galtzen badu, bere gertuko historia ahazten badu, zer egin duen edo bizi duen gogoratzen ez badu, eta bere eta ingurukoen izenak ere ahazten baditu, eta egin duen edo izan den guztia ahazten badu, bere historiaren protagonista izateari uzten dio, bere bizitzaren protagonista izateari”.

Pentsamendu hori erraz estrapolatu dezakegu bere iragana ahazten duen gizartera eta egun batean izan zenaren edo bizi izan zuenaren ondare adierazlea kaltetzen uzten duenera.

Hori guztia dela eta, proiektu honetan abian jarri dugun ikerketa-lerro garrantzitsuetako bat izan da Punta Begoña inguruko gizarte-sarea identifikatzea eta horko partaide izan zirenen lekukotzak jasotzea. Zeregin honetarako protokolo batzuk jarraitu ditugu, UNESCOk memoria material eta immateriala kudeatzeko markatutako jarraibideak oinarri hartuta. Horri guztiari esker, Punta Begoñari eta bere inguruari lotutako memoria material eta immaterialaren zentroa sortu dugu.

Punta Begoñarekin zerikusia izan zuten pertsonen lankidetzari esker, agiriak, irudiak, grabazioak eta elkarrizketak bildu, sailkatu, katalogatu eta analizatu ditugu eta horien guztien ondorioz Getxo, Bizkaia eta Euskadiri buruzko narrazioa dugu. Gainera, erabilgarria zaigu egiten ari garen azterketetarako eta orain arte kontuan izan ez diren azterketa-lerroak hasteko.

Ikustaldi honetan oroitzapenak, irudiak edo toki honetako historiaren zati den daturen bat etorriz gero burura, baliorik ez duela edo hutsala dela uste izan arren, jarri gurekin harremanetan. Lagun iezaguzu gure memoria berreskuratzen!

http://puntabegonagetxo.eus/eu/memoria-kolektiboa

Bi emakume Algortako kontrakaian, Punta Begoñako egoitza-multzoa atzean dutela, d/g. Iturria: San Nikolas Liburutegia

Kultur Paisaiak eta Ondarearen UNESCOren katedrako (UPV/EHU) ikerlariak Echevarrieta familiaren eta langileen zuzeneko ondorengoen lekukotzak jasotzen,2016. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua

Punta Begoñako memoria kolektiboaren lekukotzak jasotzen, 2017. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua

Gai honi buruz gehiago jakiteko, ikusi puntu hauek: