D.10 Muga bertikala
Punta Begoña Galerien alderdirik bitxienetako bat da malda handiko labar baten gainean zuzenean eraikita egotea. Kostaldeko labarretan normalean erresistentzia handiko harkaitzak egoten dira, baina beren eboluzioa kontrolatu egin behar izaten da. Eboluzio honen adibideetako bat Maltako “Leiho urdina” da, duela gutxi erori baitzen.
Hain zuzen ere, labarraren egonkortasuna kontrolatzeko zundaketa inklinometriko bat egin dugu, eta horri esker ezponda eta sail ezegonkorren desplazamendu horizontalak neurtu ditzakegu.
Punta Begoñako ipar-mendebaldeko galeriaren hormetan deformazioak aurkitu genituenean, kontrolatzeko programa bat ezartzea erabaki genuen. Horretarako, zundaketa bertikal bat (zulatze bat) egin genuen lorategian. Oso garrantzitsua da zuloa egiteko puntua behar den tokian kokatzea, eta saila erabat egonkorra dela seguru dakigun estratura arte iritsi behar du sakonerak.
Zundaketan hodi inklinometriko bat sartzen dugu, beheko muturrean itxiera estankoarekin. Hodi honek lau hozkadura ditu sekzioan, batetik bestera 90o-ko tartearekin. Hozkadura horiek gidariak dira eta hortik igaroko da neurketako elementua, hau da, zunda edo torpedoa esaten dioguna: milimetro-ehunen mugimenduak ere erregistratu ditzakeen tresna. Torpedoa terminal bati lotuta dago, eta hor jasotzen dira urte osoan zehar aldiro egiten ditugun neurketako datuak. Horrela, maldan egon daitekeen gorabehera oro kontrolatuta izango dugu.
Ereaga hondartzaren postala, atzean Punta Begoñako labarra dago eraikinik gabe, 1904. Iturria: San Nikolas Liburutegia
Zundaketa inklinometrikoa jartzeko faseak: Zulatzea (goian-ezk.), harkaitzaren lagina ateratzen (goian-esk.) eta neurri inklinometrikoa hartzen (behean), 2016. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua
Hego-mendebaldeko galeriako horma bat apurtuta, 2016. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua




