A.3 ETORKIZUNARI BEGIRA EGINDAKO APUSTUA

Ipar-mendebaldeko galeriaren kanpoko ikuspegia eta sartzeko aldamioak

Punta Begoña Galeriak mantentze lanik egin gabe eta erabili gabe zeudenez eta ondarezko balio ukaezina zutenez, Getxoko Udalak proiektu konplexu bat sustatzea erabaki zuen, galerien jasangarritasuna bermatzeko. Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere parte hartzen ari dira. Proiektua abian jartzeko, 2014ko urriaren 13an hitzarmen bat sinatu zen Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) eta hitzarmen horren bidez erakunde biek hitza eman zuten ahal zuten guztia egingo zutela ondare hau lehengoratzeko, UNESCOk ondarearen tratamenduan eskatzen dituen zehaztasuna, gardentasuna eta kalitatea erabiliz. Eta beti hiruko zatiezin bat gidari hartuta: ikerketa, jarduera eta gizartearen parte hartzea.

Esku-hartzearen kalitatea bermatzeko, udal-talde teknikoak bost ikerketa-talderen babesa du. Udal-talde tekniko hau da zeregina zuzentzen eta koordinatzen duena eta punta-puntako ikerketa-taldeak eraikinean ari dira lanean, UPV/EHUk orain arte planteatutako diziplinarteko lanik handienari ezagutza eta esperientzia eskaintzen dizkio. Talde honetan alor ugaritako adituak daude: artearen historia, hidrologia, geologia, kimika, arkitektura, arkeologia, historia, antropologia, geoteknia, zaharberritzea, ingeniaritza… Guztira 70 ikertzaile inguru dabiltza ondare hau leheneratzen:

  • Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitiko Taldea (IBeA, UPV/EHU): galeriak egiten jatorrian erabilitako materialen izaera aztertzen dugu, Bizkaian hormigoi armatuz eraikitako lehenengo eraikin-bizitegia baita. Era berean, ingurumenak eraikin honetan izandako eragina ere aztertzen dugu (itsasoko aerosola, inguruko industrietako aireko deskargak, portuaren eta itsasoko trafikoaren eragina, mikroorganismoen kolonizazioak, etab.), lorategi, dekorazio eta materialentzako substantzia kaltegarriak hautemanez. Egindako diagnostikoari esker, pilatutako narriaduraren ondorioz egon diren degradazioaren konposatuak identifikatu ahal izan dira, eta hautemandako arazoetan ezarri beharreko balizko irtenbideak definitu.
  • Hidrogeologia, Geoteknia eta Ingurumen taldea (HGI, UPV/EHU): labarraren egonkortasun orokorra eta labarrak eraikinarekin duen erlazioa aztertzen dugu, egituraren zimenduak eta gerta litezkeen bultzadak ebaluatuz. Urak eraikinaren inguruan nola zirkulatzen duen ere aztertzen dugu, galerien egituran nolako eragina duen ikusteko eta babes neurri zuzentzaileak ezartzeko. Eraikitzeko materialetako harriak identifikatuz gero, eraikinaren jatorrizko material eta diseinuak errespetatu ahal izango ditugu, eta aurrekoekin bat etorriko diren morteroak eta hormigoiak sortu.
  • Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldea (OEIT, UPV/EHU): eraikinaren materialak aztertzen dira eta horri buruzko dokumentazioa jaso, Punta Begoñaren kokapenaren nortasun historikoa eta kultura-paisaian nola txertatzen den hobeto ulertzeko, zalantzarik gabeko nortasuna ematen baitio. Eraikinari eusten dion egituraren egonkortasuna aztertzen dugu eta eraikina egonkortzeko neurriak diseinatzen ditugu, aurrez zeuden eraikinen presentzia eta aprobetxamendua aztertzen dugu, eraikinaren eboluzioa ulertzeko eta egun dituen kalteak ikusteko eta denborarekin izan dituzten erabilerak aztertzen ditugu, aurkitutako arrasto ikonografikoak hobeto interpretatzeko. Hori guztia, galeriak dauden inguruari begira, balioa emateko estrategiaren parte izan daitezkeen baliabideak identifikatzeko.
  • Arte Ederren Fakultateko Kultura Ondareen Zaharberritzeari buruzko Taldea (UPV/EHU): Punta Begoñako material zeramikoa eta harrizkoa lehengoratzeko azterlanak egitearen arduraduna da. Kultura ondare sailkapena duten eraikinetan esku hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare Legeak dioen moduan.
  • Kultur Paisaiak eta Ondarearen UNESCOren katedra (UPV/EHU): proiektuan parte hartzeko prozesuak lantzen ditugu eta arreta berezia jartzen ari gara Punta Begoñari lotutako memoria material eta immateriala berreskuratzeari. Era berean, euskarri kontzeptuala eta argumentala finkatu nahi dugu, etorkizuneko kudeaketa-planean eragina izan dezan eta horren bidez tokia ber-bideratu dadin eta gizarte eta ekonomia arloko baliabide indartsua izan dadin eraldaketaren ondorioz.
Presentación del Proyecto de puesta en valor de las Galerías Punta Begoña, 2014. Fuente: Proyecto de puesta en valor de las Galerías Punta Begoña

Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektuaren aurkezpena, 2014. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua

Ezkerrean: “Getxoko memoria kolektiboa” erakusketako prentsaurrekoa, 2017. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua. Eskuinean: Erakundeen ikustaldia – Getxoko Udala eta UPV/EHU-, 2015. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua