B.7 ABRAKO DEFENTSA: BEGOÑAKO BATERIA
XVI. mendean hasi zen instituzionalizatzen Abrako guardia, jarduera horretan erakunde publikoak parte hartzen orduan hasi baitziren. Ez dirudi ordura arte kostaldeko defentsarik zegoenik, baizik eta nobleen leinu nagusiak puntu estrategiko nagusienen kontrola disputatzen ibiltzen ziren. Kontrol-egoera hau aldatzen hasi zen XV. mende amaieran eta XVI. hasieran, koroak eta, batez ere, Bilboko hiribilduak eta kontsulatuak Abra defendatzeko sarea osatu zutenean; horretarako kostaldean bateria sorta bat eraiki eta mantendu zuten, eremuko puntu estrategikoetan. Egoera horrek XIX. mendera arte iraun zuen, bateriek funtzionaltasuna izateari utzi zioten arte.
Begoñako bateria
30 urteko gerraren testuinguruan Frantziarekin zegoen gatazka armatua zela eta, 1639an gotortu zen Begoñako kokapena. Baltasar de la Cruzek egin zituen trintxerak eta lubetak eta 2 kanoi txiki jarri zituen 1640an. Mendearen erdi aldera abandonatu zen defentsarako gunea eta hurrengo mendearen hasierara arte ez zen erabat birmoldatu; Antonio Gaztañeta jeneralak egin zuen. Abrako gotorlekuetara 1726an egindako ikustaldiari esker dakigu kanpoko parapeto bat zuela Bilboko itsasadarrari begira, harlanduzkoa zen eta kanoientzako zuloak zituen. Errematatzeko, lurrezko merloiak zituen. Atzeko aldea ere itxita zegoen defentsarako parapeto baten bidez, eta hor ere kanoi-zuloak jarri ziren. Eraikiaren barruan, kanoiez gain, biltegi handiak egin ziren, hornigaiak gordetzeko.
1759az geroztik eta 1827-1828 arte eraikina garrantzia galduz joan zen eta pixkanaka utzi egin zen; utzikeria hori gainditzeko, mantentze-lanak egiten saiatu ziren. XIX. mendearen hasieran Lazareto izateko egokitu zen, eta horretarako erabili zen 1803ra arte. Gero nabarmena izan zen eraikinaren egoera utzia. Azkenengo zaharberritze lana 1827-1828an egin zen, Aldundiak berriro ere Punta Begoñako gotorlekua berritu zuen, hormak eta biltegiak eraiki zituen eta artilleriako 7 pieza jarri defendatzeko.
Kontserbatzeko ahalegin handiak egin ziren arren, lehenengo gerra karlista hasieran gotorlekua berriro ere aurri egoeran zegoen eta ez zen gehiago berritu.
Eraikinaren azken unea 1860. urteak markatu zuen, izan ere, urte horretan Estatuak bateria egon zen orubea saltzera atera zuen. Saila “…que fue castillo “Begoña” en Archecolandetas de Algorta…” José María de Mendizabalek erosi zuen, Bilboko hiribilduko herritarrak, 1861ean, 7.500 errealen truke. 1888an lursaila Quirino Pinedoren eskuetara igaro zen, hau ere Bilbokoa, eta bere esku egon zen 1904an Horacio Echevarrietak erosi zuen arte. Azkenik, enpresa-gizon honek inguruko sailak erosi zituen ondorengo sei urteetan eta 12.000 metro koadro baino gehiagoko lursaila lortu zuen.
Data hauetatik aurrera ez da bateriarik aipatzen, beraz, 1910ean Echevarrieta etxea eraiki zenean eta 1918an galeriak eraiki zirenean eraldaketa oso handia egon zela uste dugu, eta behin betirako lurperatu zirela egon zitezkeen hondarrak.
Gaur egun inguruan zundaketa estratigrafiko handiak egin ditugun arren, ez dugu bateria haren ezer dokumentatu.
Abrako badiaren planoa, kostaldeko baterien kokapenekin. Planoaren iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua, Getxoko Udaletxearen planoaren gainean
Bateriaren adierazpen grafiko zenbait, kartografia historikoa. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua, zenbait iturritako agiriak oinarri hartuta
Baterien kokapena, Abrako badiaren egungo egoeran. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua, Google Earthetik hartutako irudian



