D.3 Eraikinaren egonkortasuna: egituraren azterketa

Punta Begoña Galeriari eusten dion egituraren egoera ikuspegi mekanikotik aztertzea izan da egin beharreko lehenengo zereginetako bat. Gogoan izan horren araberako esku-hartze proposamenak egin behar direla egitura sendotzeko, baita proiektua garatzen ari den bitartean eta etorkizunean planteatu nahi dugun erabilera oro bideragarria izateko ere.

Gaur egun zer karga jasateko gai den jakin behar dugu eta horretarako egiturazko sistemaren elementu bakoitzaren neurriak, geometria eta kokapena jakiteaz gain, erabilitako materialen (hormigoia eta altzairua) osaera eta erresistentzia ere jakin beharra daukagu, bere garaian nola jarri ziren edo horietako bakoitzak zer kalte fisiko eta kimiko dituen. Begiez ikusi dezakegunaz harantzagoko guztia. Horregatik erabili ditugu analisirako metodo ez suntsikorrak, eraikinari kalterik egin gabe ezagutu ahal izateko. Horren adibideetako bat da egituran georradarra (askotan erabilia lursailetan) erabiltzea, bere barneko armatuei buruzko datuak lortzeko.

Lan hau osatzeko, aurrekariak bildu dira, hau da, artxiboetan jasotako datuak, Punta Begoñari buruzko memoria kolektiboaren bidez jasotako materialak eta azterketa arkeologikoetan lortutako ondorioak. Horiek guztiak kalte jakin bati buruzko argia eskaintzeko gai izan behar dira edo planteatutako hipotesiak beste ikuspegi batetik eusteko gai.

Informazio hori guztia beharrezkoa izan da multzoaren hiru dimentsioko modelizazioa egiteko eta hori oinarri hartuta kalkuluak egiten ari gara galerien sostengu-ahalmenaren berri izateko, eta hori baino lehen, multzoa egonkortzeko esku-hartzerik premiazkoenei lehentasuna eman ahal izan diegu, lortutako emaitzetara egokituz obrak minimizatu ahal izan ditugu eta galeria hauek ikustera etortzea erabakitzen dutenentzako gune hauek irekita egon ahal izateko ekintzak egutegian jarri ere bai.

Hego-mendebaldeko galeriaren lehen zatia eraikitzeko prozesuaren argazkia, 1919-1921. Iturria: Bilboko Udal Artxiboa

Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko (OEIT, UPV/EHU) ikerlariak hormigoi armatuzko arkupeetako egiturazko kalteak aztertzen, 2016. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua

Aretoaren eta atariaren eta hona sartzeko eskaileren egitura azaltzen duen eredua, 2016. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua

Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldea (OEIT, UPV/EHU) hego-mendebaldeko galeriaren zati zuzenaren azpiko gunean egiturazko jasotze bat egiten, 2017. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua

Gai honi buruz gehiago jakiteko, ikusi puntu hauek: