E.13 Ahuleziak aukera bihurtu

Punta Begoña Galerien egiturazko egoera aztertzeko, ezer baino lehen egonkortzeko premiazko analisi bat egin da. Horri esker identifikatu genituen burutzeko lehentasuna zuten jarduerak. Besteak beste, losaren bi tramotan esku hartu beharra zegoen, aretoaren ondoko zona batean, labarraren gainean ezkutuan zegoen toki batean, bere armadura oso herdoilduta zegoenez eta lorategitik zetorren ura sartzen zenez, arriskua baitzuen.

2015ean horietan jardun eta desmuntatzea erabaki genuen.

Sortu zen irekiera aprobetxatu genuen eta egokia iruditu zitzaigun aldi baterako lorategia eta barrua lotzeko eskailera bat jartzea, duela ehun urte aretoaren beste aldean zegoenarekin gertatzen zen bezala. Horren ondorioz, labarraren alde hau garbitu egin zen eta zurezko egitura bat instalatu zen. Honek zenbait funtzio betetzen ditu:

  • Langileek eta ikerlariek orain galerien atzeko aldera sarbide hobea dute, egitura eta labarra analizatu eta bertan jarduerak egiteko.
  • Aretoa eta goiko lorategia lotzen ditu.
  • Galerietako ikustaldiaren ibilbidea luzatu du, bertako gunerik bitxi eta harrigarriena bisitatu baitaiteke orain, eta Punta Begoñako paisaia eta eraikinak eta labarrak duten harremana ulertu daiteke.

2016an ikustaldien ibilbidea luzatu egin zen eta goiko lorategia ere erakusteko moduan izan ginen, ordura arte erakusten ez genuen arren. Horretarako, pasarela bat jarri genuen lorategian eta honen jatorrizko diseinuko bideetako bat dela dirudi: heskai eta tamariz arteko ibilbidea, galerietako balaustradatik gertu, Abrako ikuspegiez gozatzeko.

Egungo egoeraren eta 1921ekoaren planoak gainjarrita. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua

Gai honi buruz gehiago jakiteko, ikusi puntu hauek: