C.13 Galerien ezusteko erabilerak
Aretoko hormek hitz egiten digute eta beren aztarnei esker, gordetzen dituzten oroitzapenen berri izan dezakegu. Galeriak pribatuak ziren arren, Horacio Echevarrietari eta Punta Begoñan zuen egoitzari lotuta eraiki ziren arren, XX. mendeko gertaera historikoen eta sozialen ondorioz, beste erabilera batzuk ere izan zituzten. Irudika dezakezue zeinek eta zertarako erabili zuten gune hau?
Gerra Zibilean bonbardaketa abisuak izaten zirenetan, Atxekolandeta inguruan bizi ziren haur eta emakumeak aretoko hormaren atzean ezkutatzen ziren, aretoaren eta labarraren artean.
Gerra Zibilean Euzkadiko Gobernuak osasun-sare militarra diseinatu zuen eta Punta Begoñako etxea eta Getxoko beste egoitza batzuk eriondoko ospitale izan ziren.
1937ko uztailaren 18an Bilbo erori zenean, italiar komandantzia Punta Begoñan instalatu zen. Dirudienez, Corpo Truppe Volontarie delakoaren buruak, Bastico (Doria) jeneralak, bere egoitza hemen ezartzea erabaki zuen.
Gune honetako hormetako programa piktorikoak aretoaren beste berrerabilera baten berri ematen digu, Auxilio Sociala sortu ondoren. Hemen dauden ikurrek eta irudiek adierazten digute Gerrak aurrera egin ahala ongintzazko obra hau tresna propagandistiko bihurtu zela. Horietako batzuk aurkitu nahi? Hala nola, FET eta JONSen uztarria eta geziak, Borgoñako Gurutzea -Erreketeen ikurra-, erakunde honetako erizain boluntarioak edo hiru borrokaliaren zirriborroak: falangista, karlista eta soldadua.
50 eta 70 hamarkaden tartean Horacio Echevarrietaren bilobek eta hauen lagunek aisiarako erabili zituzten galeriak. Teniserako oso egokiak ziren, bizikletan ibiltzeko, musika-jaialdiak antolatzeko eta tunel ilunean sartu eta ibiltzeko, hau da, labarrean ibiltzeko.
1976ko martxoaren 22an, eskrituren arabera Punta Begoñako finka saldu zenean, galerien narriadura bizkortu egin zen. 80ko hamarkadan inguruko etxe asko utzita zeuden. Eraikuntzako materialak harrapatu zirenez, elementu asko eta dekorazio zenbait desagertu egin ziren.
Getxoko Udalaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmena formalizatu aurretik, aretoan eta hego-mendebaldeko galerian etxerik gabekoak egoten zirela badakigu, horma hauen eta sabai aizunen artean aterpea aurkitu baitzuten.
Eta azkenik gu gaude, Punta Begoña Galerien historia harrigarriari beste pieza bat erantsiz.
Pilula dokumentala “Osasungintza militarra”
Punta Begoñako eriondoko ospitaleko erizain baten irudia, lorategiko balaustradan, 1937. Iturria: Euskal Artxibo Historikoa (exp. C17/4)
Gai honi buruz gehiago jakiteko, ikusi puntu hauek:
- A.2 Urte askotako utzikeria
- A.4 Lehengoratzearen zehaztasuna eta balioan jartzea
- A.5 Parte-hartze prozesu bat, gizartearen zerbitzura
- B.11 Punta Begoñaz harantzago. Paisaiari begira
- D.16 Hormetako adierazpenak 80ko hamarkadaz geroztik
- E.3 Oreztatzeak kendu
- E.5 Grafitietako tintak garbitu
- E.11 Hondakinak kendu

