D.9 Lurpeko ura
Lurpeko ura aztertzea oso garrantzitsua da gure ikerketan. Fluxuen dinamika ezartzeko, piezometro izeneko berariazko kontrol-gailuak ezarri behar dira. Zundaketa batzuk dira eta hodi iragazle batzuk jartzen dira, denborarekin lurpeko urek izaten dituzten bariazioak ikusteko.
Punta Begoña Galerietan lau piezometro jarri ditugu. Horietako bi lorategian daude, 25 metroko sakonera dute eta 25º-ko inklinazio-angeluarekin zulatu ziren; gure oinetan hego-mendebaldeko galerian duguna itsasargi aldera dago eta Ereagako hondartza aldera dago, aldiz, aretoaren hormaren atzean ipar-mendebaldeko galerian dagoena. Beste biak galerien oinetan daude, bata ipar-mendebaldeko galeriako igogailuaren ondoko sailean eta bigarrena hego-mendebaldeko galeriaren biribilgunearen oinarrian; bi piezometro hauek bertikalak dira eta bederatzi metroko sakonera dute.
Horietako bakoitzean lurpeko uraren laginak hartzen dira; bertikalen kasuan 5 metrora hartzen dira eta inklinatutakoak 20 metro baino gehiagora, eta ondoren laborategian analizatzen dira lagin horiek. Gainera, DIVERS izeneko gailu batzuk instalatu ditugu ur-xaflaren aldakortasuna etengabe neurtu eta erregistratzeko, hau da, lurpeko uraren maila, konduktibitatea edo mineralizazioa eta tenperatura neurtu eta erregistratzeko, eta horri esker ur horren jatorria jakin dezakegu, hau da, nondik datozen, nondik iragazten diren, zer ibilbide egiten duten eta zer material zeharkatzen dituzten.
Zundaketa piezometrikoetako baten perforazioa, 2016. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua
Ezkerrean: zunda jartzen lurpeko uraren laginak hartzeko, 2016. Eskuinean: lurpeko uraren lagina hartzen, 2016. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua
CTD-Diver jartzen piezometroan, 2016. Iturria: Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua



