E.2 Ibili bat parterre eta lore-txatal artean

Hego-mendebaldeko galeriako terrazaren zati honen egungo egoeraren ondorioz jatorrian nolakoa zen ezin dugu ikusi, baina artxiboetan aurkitutako lekukotzei eta Punta Begoñako memoria kolektiboan parte hartu duten pertsonei esker dakigu terraza hau ongi pasatzeko tokia izateko egin zela, konposizio arkitektonikoaren eta landareen arteko elkarrizketa modukoa zela.

600 metro koadro inguruko laukizuzen bat dago oinarrian, hego-mendebaldera begira, eta perimetroetan hiru lore-txatal diseinatu ziren hormen ondoan eta sei parterre geometriko erdian, paseorako. Akabera desberdinak aukeratu ziren motaren arabera: lore-txatalen ertz ornamentalek teknika apikonatua imitatzen zuten, aldiz, parterreen ertzetan harri-koskorrak jarri ziren. Forma hauez gain, bazen beste elementu dekoratibo bat ere: terrazaren bi ertzetan zuhaitz-enbor itxurako hormigoizko bi jardinera zeuden. Irudika dezakezue toki hau duela ehun urte elementu horiekin guztiekin?

Bere jatorrizko egoera berreskuratzeko, lehenengo esku-hartzeak sastrakak kendu eta landare-espezieak aztertzea proposatzen du. Agave eta Carpobrotus Edulis izango dira gordeko diren bi espezieak eta parterreetan eta lore-txataletan sartuko terraza finkatutakoan. Zuhaixkak –Pittosporum Tobira eta Cotoneaster Salicifolis– eta iratzeak kendu egingo dira, hauen esporak haizearen edo hegaztien eraginez iritsi eta sortu direla baitirudi.

Dekorazioko elementu hauek eta landare-espezie hauek identifikatu nahi badituzue, irakurtzen jarraitu besterik ez duzue; terrazako zuen gidariak izango gara. Zatozte!

Lore-txatala: larrain estua eta adornurako landareak edukitzeko egina, lorategi eta patioetako hormen ondoan.

Parterrea: lorategia edo bere zati bat, belarra, loreak eta ibiltzeko bide zabalekin.

Composición de los parterres y arriates en la terraza suroeste, s/f. Fuente: Biblioteca San Nicolás

Plano de la composición de la terraza suroeste y su estado en febrero de 2018. Fuente: Proyecto de puesta en valor de las Galerías Punta Begoña

Ibilbidea

[1] Hego-mendebaldeko galeriarako jatorrizko sarbidearen ondoan gaude. Eraikin txiki honek lore-txatal bat du inguruan, Punta Begoña eta ondoko lursaila banatzen dituen hormaz gain; begiratu apikonatu teknika erabiliz amaitu dela. Egungo landarediak ezkutatu dagoen arren, parterre zirkularraren ondoan gaude. Suma dezakezue?

[2] Sastrakak kentzeko lehenengo lanei esker, hego-mendebaldeko galeriarako sarbideko lore-txatalak jarraitu egiten duela ikus dezakegu terraza hau eta goiko lorategia banatzen dituen horman zehar. Ilargi-erdi itxurako parterretik oso gertu gaude. Badakizue non dagoen?

Parterre honen ondoan eta hormigoizko balaustradatik gertu dago enbor formako lehenengo jardinera. Nahiko narriatuta dagoen arren, saiatu bere forma gogoratzen. Terrazaren amaieran hobeto kontserbatu den beste bat dago. Jarrai dezagun!

[3] Terrazaren erdian gaude gutxi gorabehera, puntu honetan hormigoizko balaustradak kurbatua izateari utzi eta zuzen jarraitzen du. Ongi begiratuz gero, zortzi puntako izar baten itxura duen parterre bat ikusiko dugu. Izar honen puntarik gehienetan kontserbatuko dugun espezietako bat dago, Agavea.

Parterre honen ondoan eskailera batzuk daude. Ibilbidearen zati hau familia-etxearen lorategira joateko zen, hormekin eta bideekin batera; gaur egun lorateri hori ez dago.

[4] Azkenengo zati honetan errazago identifikatuko ditugu terrazako elementu dekoratzaileak eta landareak. Has gaitezen!

  • Lore-txatala: hormaren kontra garatu da perimetroan. Aurrez ikusi dugun bezalako errematea du.
  • Parterrea: geometria oso aldakorra du (elipsea, hodeia edo zirkulu laurdena) eta harri-koskorrekin edo errekarri txikiekin dekoratutako ertzengatik bereizten dira.
  • Berreskuratu beharreko landare espezieak: lehen aipatutako Agaveaz gain, Carpobrotus Edulis delakoak ere kontserbatuko dira; bestearen antzekoak dira, baina txikiagoak.
  • Hormigoizko jardinera: hurrengo atalera igotzeko hiru mailen ezkerrean dago enbor itxurako beste jardinera. Adi begiratuz gero, zuhaitzaren uztaiak ere ikus ditzakegu bere azalean.

Parterre eta lore-txatalen arteko paseo honi esker, lorategiaren osaeraren berri izan dugu, aukeratutako landare-espezieak zein diren jakin dugu eta zer teknika erabili diren ere bai. Gozatu inguru txiki honetaz, galerietan bakarra baita!

Gai honi buruz gehiago jakiteko, ikusi puntu hauek: