C.6 Tokira egokituz joan zen proiektua
Punta Begoña Galerien planoak eta agiri grafikoak aztertuta ikusi dugunez, aldaketa handiak izan zituen jatorrizko proiektuak eraiki zenean. 1919tik 1921era iraun zuten obrek eta kanpora irekitako pabilioi pare bateko horma-paramentu bat eraikitzeko asmoa izan arren, gaur ikus dezakegun kontzeptu erabat desberdina eraiki zen.
Hasierako diseinuan ikus daitekeenez, bi pabilioi egin nahi ziren, egungo aretoa eta hego-mendebaldeko galeriaren lehenengo zatia dauden tokian egongo ziren, Algortako olatu-hormatik gertuenekoan. Bi gune horiek lotzeko, horma bat egongo zen eta bi aukera zeuden: paramentu itxi bat kanpora eta igaro ezin zena edo ibiltzeko galeria bat egiteko aukera eskaintzen zuen proposamena. Azkenengo apustu hau izan zen jatorrizko proiektuarekiko aldaketa handia ekarri zuena.
Hurrengo aldaketa ipar-mendebaldeko pabiloia aprobetxatzea izan zen; hasiera batean irekia izan behar zuen pabilioi horrek eta zutabez zuinkatua -aretoaren azpiko guneak gogorarazten digunez- eta bileretarako eta atsedenerako areto handi bat egongo zen, erdian tximinia handi txundigarri batekin eta leiho harrigarri handiekin, eguralditik babesteko.
Egin zen azkenengo aldaketetako bat hego-mendebaldeko galeria zabaltzea izan zen Arriluze eta Ibarra Markesaren pasealekuan zehar. Horretarako, bigarren zati bat eraiki zen zegoen euste-horma aprobetxatuz. Ondorioz, aisiarako gune zabala sortzeaz gain, goiko zatian gaur egun oraindik ere erabili eta goza dezakegun lorategidun terraza egin zen.
Dena dela, espazioen konfigurazioa bezain garrantzitsua da proiektatzeko erabilitako lengoaia arkitektonikoa. Ricardo Bastida Bartzelonako Eskolan trebatu zen Lluis Domenech i Montaner maisuaren eskutik eta trebakuntza modernista hori nabari da Punta Begoña Galerien barruan eta dekorazioan. Horrez gain, teknikariak italiar errenazimendua maite zuenez, aurrealde klasizista nabarmen hori daukagu: geometrikoa, ordenatua eta zehatza zutabeak, balaustradak eta erlaitzak egiterakoan. Itxura batean aurkajarrita dauden bi lengoaia arkitektonikok ederki egiten dute bat ikuspegi eder hauetan.
Aretoaren eta ipar-mendebaldeko galeriaren oinplanoa, galeriaren barruari buruzko aukerekin, Ricardo Bastidak egina, d/g. Iturria: Bilboko Udal Artxiboa
Horma-paramentua ixteko aukeren planoa, Ricardo Bastidak egina, 1918. Iturria: Bilboko Udal Artxiboa
Aretoaren oinplanoaren banaketa-planoa eta sabai dekoratiboaren eta harotz-lanen zehaztasunak, Ricardo Bastidak egina, 1919. Iturria: Bilboko Udal Artxiboa
Hego-mendebaldeko galeria Arriluze eta Ibarra Markesaren pasealeku aldera hazteko planoa, Ricardo Bastidak egina, d/g. Iturria: Bilboko Udal Artxiboa
Gai honi buruz gehiago jakiteko, ikusi puntu hauek:
- A.4 Lehengoratzearen zehaztasuna eta balioan jartzea
- B.1 Punta Begoña, duela 100 urte
- B.3 Ezagutzeko gune berriak
- B.4 Landa giroko Getxo hura
- B.8 Getxo itsasoaren azpian
- B.9 Lauguneak eta labarrak
- B.10 Harkaitzen adina
- B.11 Punta Begoñaz harantzago. Paisaiari begira
- D.3 Eraikinaren egonkortasuna: egituraren azterketa
- D.7 Pitzaduren kontrola
- D.11 Galerien oinarriak
- E.2 Ibili bat parterre eta lore-txatal artean
- E.9 Ezkutuko guneak ber-aurkitu




